Pagoa hostatzen hasi da honezkero, klima aldaketaren kontuak ote?

Amezti.eus 2020ko mar. 30a, 12:23

Hostoa berritzen hasi da. Landare batzuk lehenago, beste batzuk beranduago. Udaberria jori eta indartsu. Beti bezala. Eta beti bezala erakargarria. Baina ez gara literatura egitera etorri, ez horixe.

Gaur bertan, martxoaren 25a da eta kasualitatez, Leontzio Igoako Karakoetxeko nagusiarekin egon gara. Gizon argia, gauzetaz ohartzen dena inor gutxi bezala. Eta hala esan digu:

-Aurten inoiz baino lehenago hasi duk pagoa hostatzen.

-Dagoeneko!!?

-Bai, bai, gaur ikusi dit pagoa hostatzen hasia. Ez diat hain goiz hostatzen ikusi inoiz ere! Pentsa, orain lau edo bost urte izanen zuan apirilaren 6an ikusi nuela, eta harriturik! Eta aurten 11 egun lehenago. Ikaragarria!

-Bai, hala duk. Honek ez dik injenio honik. Klima aldaketaren kontuak dituk hauek.

Bai, izugarria da hau, Koronabirusarena, poliki-poliki, ezari-ezarian heldu zaigunarekin konporatuz haur jostaketa besterik ez da. Zerbait larria bizi badugu klima aldaketa da!

Ur beroa eta igelaren kontua badakizu? Ez baldin badakizu galdetu eta edozeinek azalduko dizu. Klima aldaketarekin konporantza egiteko kontu ederra!