Mariposa beldurgarria

Amezti.eus 2019ko abe. 4a, 10:29

Aurten bete-betean jo gaitu izurrite berri batek. Txinako mariposak dakarrena da eta ezpela du bere jo puntuan. Europako ezpeldi guziekin bukatzen ari da. Udaberrian, Belateko mendiak pasa eta sartu zitzaigun, poliki-poliki Iruñerriko ezpelekin bukatu artio. 

Aurten bete-betean jo gaitu izurrite berri batek. Txinako mariposak dakarrena da eta ezpela du bere jo puntuan. Europako ezpeldi guziekin bukatzen ari da. Honetaz, lehenago ere idatzi da Pulunpen, baina gaurkoan aipatu nahi dut nola hedatu den gure alderdian eta Iruñerrian. Udaberrian, Belateko mendiak pasa eta sartu zitzaigun, poliki-poliki Iruñerriko ezpelekin bukatu artio.

Oraintsu, urriaren lehen egunetan mariposa edo tximeleta anitz ikusi ditugu Iruñean. Arraultzak jarri eta aurtengo azken hazialdiari bukaera emanen diote, urtean hiru aldiz izaten dira eta negua ailegatu baino lehen hau dute azkena.

Iruñeko lorategietako hesi gehientsuenak edo, ezpelez eginak dira eta hostorik gabe daude, ihartuak edo erdi ihartuak, eta oraindik bizirik daudenak datorren urtean izanen dute akabera.

Bai, hain da ugaria, Iruñeko erdiguneko etxeetan ere sartu baita tximeleta hau lehen aldiz. Eta ez dut uste datorren urteko udazkenean berriz Txinako tximeletarik ikusiko dugunik, ezpel guziekin bukatuko dute eta jatekorik gabe gelditu ondoren betiko bukatuko baita Iruñerrian. Baina hedatuz, hedatuz, beste toki batzuetako iritsiko da, Europako ezpel guziekin bukatu artio.

Zoritxarrez, izurrite honekin bukatuko duen erremediorik ez dute sortu eta esperantza apurrik ere ez dago sortuko dutenik. Honek ez du erremediorik!

Oharra: Ostitz-Ultzamako errepidean, eskuin aldean, Ziaurritz parean dagoen ezpeldiari aurtengo udaberrian hostoak jan eta bukaera eman diote, iharturik baitago erabat. Hor duzue ikusi nahi baduzue ere, autotik atera gabe.