EHen izandako laugarren erailketa matxista salatzeko, elkarretaratzea

Amezti.eus 2019ko aza. 7a, 10:32

Lau emakume erail dituzte Euskal Herrian, azkenekoa Baionan. Salatzeko elkarretaratze deialdia egin du Basaburuko Bilgune Feministak.

Elkarretaratzea bihar izanen da, azaroaren 8an, ostirala, Ohianzabal eskola parean, 5:30ean.

Hemen duzue Basaburuko Bilgune Feministak zabaldu duen oharra:

BESTE EMAKUME BAT ERAILA EUSKAL HERRIAN!

EMAKUME BAT ERAILA IZAN DA BAIONAN

Beste erailketa matxista bat gertatu da asteburu honetan, laugarrena dugu aurten Euskal Herrian: gogoan zaituztegu!!! 53 urteko emakumea erail berri du bere bikotekideak Baionan (Lapurdi). Gizonak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik, baina horrek ez du ekidin erailketa berri hau.

Hauteskunde kanpainan indarkeria matxista bera ukatzen dituzten diskurtsoak entzun behar izaten ari gara, baita arazoa xenofobiaz mozorrotzen duten diskurtso faxistak ere. Baina non daude emakumeok pairatzen ditugun biolentziei aurre egiteko politika integralak eta babes neurriak? Indarkeria matxistaren muinera ez doan jendarte honetan, geroz eta ugariagoak dira zigorrean, segurtasun polizialean eta beldurrean sakontzen duten jarrerak. Euskal Herriko Mundu Martxan ozen diogu: justizia patriarkalak, kontrolaren eta xenofobiaren politikek aurrean izango gaituzte!