Obrak nonahi: Kontzejuak herrikoetxeak berritzen

Amezti.eus 2019ko urr. 31a, 08:54

Harrigarria da, baina orain bertan, guk ikusi ahal izan dugunez, hiru herrietako kontzejuak ari dira beren etxeak konpontzen.

Oskotz

Oskotzen eskolako lehen solairuan duten etxebizitza erabat eraberritzen ari dira. 84.000 eurokoa da aurrekontua.

Bukatu bezain laster, errentan ateratzeko asmotan dira, nahiz oraindik ez duten baldintza plegua onartu.

Etxea toki bikainean dago, ezin hobean. Ea herritarren batek edo auzokoren batek hartzen duen! Jende gaztea behar dugu.

Ihaben

Ihabengo eskola, urte batzuez ibar guziko haurrak biltzen zituena, eta Auzenea etxean dagoena ere berritzen ari dira.

Teilatuan zulo handi batekin zen aspalditxoan eta noizbait adostu eta erabaki dute konpontzea.

Orain bertan, teilatu berria eginen diote eta barna erabat hustu. Gero gerokoak. Hiru edo lau bizitza egiteko toki paregabea.

Arrarats

Arrarasko kontzejua berriz, Herrikoetxean ari da lanean. Orain urte pare bat teilatua konpondu zion eta oraingo txandan, aldiz, beheko solairuan ari da obrak egiten.

Behetian, kontzejurako areto bat egiten ari da, ia bukatzear dagoena. Kontzejuko batzarreak egin eta, aldi berean, herriko jendearendako biltokia izanen da. Egon gela, bere sua eta barrarekin, eta komuna.

Ea arrakasta izaten duen!

Gainerako hiru estaiak, hor geldituko dira, zer egin erabaki artio. Ez da erraza kontua, herria diruz estu samar baita, oihanetik, gaurko egunean, sos gutxi ateratzen baita. Zura oso merke dago eta honi bukaerarik ez zaio ikusten.