Eskualdeko kirolariak indartsu, Euskal Herriko herri kiroletako finaletan

Amezti.eus 2019ko ira. 30a, 11:53
Beuntzako Mikel Eugik eta Aresoko Itxaso Onsalok osatutako bikoteak irabazi zuen Arpana txapelketa

Larunbatean Igantzin izan ziren Euskal Herriko Lokotx Bilketa txapelketako eta Arpana txapelketako finalak. Lokotx Bilketan, gizonezkoen sailkapenean, Imanol Kañamares aroztegiarrak irabazi zuen. Emakumezkoen sailkapenean, berriz, alde oso txikiarengatik galdu zuen garaipena, Ainhoa Iraizoz eltsoarrak, bigarren postua irabazi zuen. Beuntzako Mikel Eugik eta Aresoko Itxaso Onsalok osatzen duten bikoteak irabazi zuen Arpana txapelketa.

Larunbatean Igantzin izan ziren Euskal Herriko Lokotx Bilketa txapelketako eta Arpana txapelketako finalak.

Lokotx Bilketa maskulinoan, Aroztegiko Imanol Kañamares gailendu zen. 6 minutu eta 22 segundotan bildu zituen 1,25 metrora jarritako 50 lokotxak. Unai Iantzi (6.28) eta Aritz Ruiz (6.34) izan ziren bigarren eta hirugarren.

Emakumeen artean Eltsoko bizilaguna dugun Ainhoa Iraizotz genuen eskualdeko ordezkari. Bada, beste batzuetan gertatu zaion bezala txapela eskuetatik kendu zioten alde oso txikiarekin. Maider Etzezabal azpeitiarrak gailendu zitzaion, 11 ehunen aldearekin bakarrik. 7 minutu eta 48 segundotan egin zuten biek, baina Iraizotzek 80 ehunen beharra izan zuen, eta 69 ehunen beharra Etzezabalek. Zuriñe Frutos izan zen hirugarrena (7.50).

Arpana txapelketa mistoan eskualdeko presentzia berriz, Beuntzako Mikel Eugi. Aresoko Itxaso Onsalorekin bikote, irabazleak izan ziren. 45 ontzako 10 enbor ebakitzen azkarrenak izan ziren. Unai Bertiz- Ezti Gastearena eta Daniel Saldias- Irune Biurrun bikoteek jarraitu zieten sailkapenean.