Biela y Tierra proiektua, eskualdean

Amezti.eus 2019ko abu. 22a, 14:28
Orokietan gelditu dira bidean, eta haiekin izan gara proiektua ezagutzeko.

Edurne Caballerok eta Ana Santidriánek osatzen dute Biela y Tierra, eta Sole Lópezen eta Cristina Vázquezen laguntza dute komunikazio arloan eta webgunean. Ekainean hasi eta urrirarte elikadura burujabetzarekin harremana duten 100 proiektu bisitatuko dituzte bizikletaz. Basaburuan dira ostiralerarte.

Atzo iritsi ziren bertako hainbat ekimen ezagutzeko. Orokietan Eusebio eta Alejandro Ezkurrarekin izan dira, ekoizten duten esne ekologikoa ezagutzeko. Jauntsaratsen, berriz, Apeztegiberriko denda kudeatzen duen Ernaizu kooperatibarekin.

"Eusebio eta Alejandro Ezkurrarekin behiak jezten izan gara goizean. Esne ekologikoa ekoizten lehenak izan ziren Nafarroan, 98an. Aurretik behiak oso maiz gaixotu egiten zitzaizkien, orduan, Donezteben izandako hitzaldi batean erantzuna lortu zuten", azaldu digu Ana Santidrianek.

Edurne Caballero: "elikadura aldatu zuten, batez ere. Pentsu konposatua emateari utzi zioten eta bazka besterik ez diete ematen behiei. Aldaketa horrekin bakarrik sekulako aldaketa nabaritu zuten, behiak arazo askoz gutxiago dute orain erditzerakoan, urdailean...lehen albaitaria deitu behar zuten egunero, orain intseminazioetarako besterik ez".

Ernaizu kooperatibari buruz haien malgutasuna nabarmentzen dute: "Alaia eta Laurarekin izan ginen eta proiektua kontatu ziguten: etxean soldatarik gabe eta kotizaziorik gabe lan egin duten emakumeez osatutakoa. Malgutasuna oso garrantzitsua da beraientzat, txanda motzagoen bidez. Gainera, bailarak dituen beharrak asetzeko jaio zen Jauntsarasko dendarekin eta tabernarekin, eta biltokia bihurtu da bizilagunendako" nabarmendu digu Santidrianek.

Bihar Basaburua atzean utzi eta Zubiri ingurura abiatuko dira. bielaytierra.com webgunean jarraitu daiteke haien ibilbidea, eta orain arte ezagutu dituzten proiektu guztiak ezagutu. Ana Santidrián Ingenieritza kimikoan eta Ingurumenean doktoretza bukatzen ari da, eta Edurne Caballero biologoa da. Eraldaketa ekimenak ezagutarazteko ari dira proiektua burutzen, 2500 kilometro eginen dituzte bizikletaz, eta 115 proiektu bisitatuko dituzte guztira, urrira bitarte.

*Elkarrizketa osorik, Pulunpeko hurrengo aleetan.