Ihabenetik irten ziren abuztuaren 16an eta bihar iritsiko dira bueltan. Tartean Lesaka, Etxalar, Hondarribia, Donostia eta Leitza igaro dute. Bizikleta gainean, gainera, instrumentuak daramatzate, herri bakoitzera iritsi eta kontzertuak eskaini baitituzte herriko plazan. Besteak beste, harpa, bi gitarra, kajoi flamenkoa, eta mota guztietako txirulak jotzen dituzte. Gaur Lekunberrin geldituko dute.
Iaz egin zuten lehenengo aldiz horrelako ibilbide musikatua, Lizarra aldera. Esperientzia polita, horregatik errepikatu dute. "Unai musikaria da, eta gure haurrak musika ikasten hasi ziren berarekin. Bestalde, bizilagunak bakarrik ez, lagunak ginen, eta bizikletaz bidaiak egiten ditugu. Bizikleta eta musika izan da, beraz, gure lotura handi bat. Orduan, halako batean, okurritu zitzaigun: titiriziklo bat egin genezakeela", esan digu Arantxa Agirreurretak.
Musikariekin batean doaz Arantxa Agirreurreta eta Mikel Lara, Kattalin eta Manuren gurasoak; baita Sole Artola, Ibonen eta Udarare ama. "Mikel managerra da, Sole ile apaintzailea, eta ni atrezzo eta cateringa (barreak)", azaltzen digu, txantxetan, Agirreurretak. Otegi familia Iruñean bizi da orain, baina bi familiak bizilaguna izan ziren Ihabenen urteetan.