Adineko jendearendako lokala martxan da Jaunsaratsen

Amezti.eus 2019ko mai. 14a, 11:57
Hurbildutakoek Apeztegian egin zuten otamena

Pasa zen ostegunean, maiatzaren 9an, egin zuten ate irekitze jardunaldia Jaunsaratsen martxan jarri berri duten adinduendako gunean. 40 lagun inguru bildu ziren Apeztegiberri dendaren gainean kokatutako lokalean.

Nafarroako Gobernuak zahartze aktiboa promozionatzeko sortutako bideo proiekzioaren ondoren, Basaburuako Esther Lakasta alkateak hartu zuen hitza. Lokalaren lagapenarekin Udalak adinduekin zeukan zorra kitatzeko helburua izan duela adierazi zien Lakastak hurbildutakoei.

Gunearen eta bere funtzionamenduaren inguruko xehetasunak eman eta gero, udalerriko adinekoei bertan parte hartzeko dei egin zien udal ordezkariak. Oraingoz, podologia zerbitzua jarri dute martxan Marta Francesekin: ekainaren 4an izanen da hurrengo eguna. Aurrera begira, ordea, zerbitzu gehiago ere abiatzeko asmoarekin dira gunearen bultzatzaileak. Fisioterapia zerbitzua eta erorketen prebentzioaren inguruko ikastaroak dituzte esku artean, besteak beste.