La Unica RT sasoian da, Alacanten txapelketa bat irabazi ostean

Esan Erran irratia 2019ko mar. 27a, 10:27

Olagueko Noelia Telletxea izan dugu irratian Alacanteko garaipenaz eta talderen denboraldiaz solasean

Iruñeko La Unica Rugby Taldeko kirolariak, BRT-koak ez bezala, sailkapen taularen lehenengo postuetan ageri dira. Gainera, berriki txapelketa bat irabazi dute Alacanten.

Fallas Aedas Homes txapelketan irabazle

Fallas Aedas Homes txapelketa jokatu zen martxoko 16/17ko asteburuan Alacant inguruan. Talde izaera eta harremana indartzeko helburuz joan zen La Unica Rugby Taldea bertara, eta energiak berrituta itzuli ziren, eta ez eguzkiak gogor jotzen zuelako, txapelketa irabaztea lortu zutelako baizik.

Larunbata eta igandez aritu ziren jokoan, ligaxka moduan hiru partida larunbatean, eta final erdiak eta finala igandean. Taldeko lehenak izan ziren larunbatean, baina Mahadaonda Emerging taldearen aurka berdinduz. Igandean final aurrekoak irabazi ostean talde bera izan zuten finalean, eta defentsa lan serio baten ondorioz garaipena eskuratu zuten nafarrek.

Olagueko Noelia Telletxearekin mintzatu ginen irratian txapelketaren ondoren, eta helburuak ongi beteta itzuli zirela aipatu zigun, asteburu eder baten ostean. “Euskal Ligan aritzen gara gu, eta oso ona da gure ligatik kanpoko taldeen aurka lehiatzea, honela gure benetako maila neurtu dezakegulako” azaldu zigun.

Euskal Ligan hirugarren

Bi talde ditu La Unicak Euskal Ligan, azken urteetan 10 neska berri sartu baitira, eta 40 inguru dira orain. Lehenengo taldea hirugarren postuan da, eta hala amaituko du ziurrenik. Liga laster amaituko da, baina udaberri eta udan “Seven” modalitatea izanen dute, zazpi jokalarirekin arituz.

Azken urteetan Ohorezko mailara igotzeko lehian aritu da taldea, Euskal Liga irabazi ostean. Aurten ezin izanen dute, baina datozen urteetan lehia horretan egon daitezkeela ziurra da.