Asteburuan Itsasoko ihauteriak, Nafarroako bigarrenak

Amezti.eus 2019ko urt. 18a, 12:00

Larunbata eta igandean izanen dira ihauteriak Itsason, eskualdeko lehenengoak. Eta asteburu bat beranduago Igoan izanen dira

Joan zen asteburuan eman zitzaion hasiera Nafarroako ihaute garaiari. Uitzin izan ziren lehenengoak, eta asteburu honetan Itsasok hartuko du erreleboa.

Basaburukoak Nafarroa Garaiko bigarrenak izaten dira, eta larunbata eta igandez ospatuko dituzte.

Larunbatean bazkal orduarekin hasiko da giroa animatzen. Arratsaldean DJ Flama arituko da musika jartzen, eta elkartean bilduko dira gero afaltzeko. Ondoren, ohikoa den bezala, ordu txikiak arte bestan arituko dira elkartean DJ Flamaren musikarekin.

Igandean eguerdi aldera elkartuko dira puske bilketa etxez etxe egiteko Agerralde akordeoi jotzailearekin. Ondoren herri bazkaria eginen dute, eta arratsaldea musikaz girotu ondoren, eguerdian bildutako puskekin afaria eginen dute elkartean.

Asteburua igarota, hurrengoan Igoaren txanda izanen da. han ostiraletik igandera ospatuko dituzte ihauteriak, bertan ere mahaiaren inguruan denbora aunitz igaroz.