Denbora kontua zen. 2017an Iruñean detektatu zituzten kastoreak, ia ehun zuhaitz zulatu baitzituzten. Badira espezie inbasoreen artean sartzen dituztenak, baina ez da hala, XVII. mendera arte ugari zen kastore europarra (castor fiber) gurean. Ehiza masiboaren ondorioz, Iberiar penintsulatik desagertu egin zen, eta Europa osoan desagertzekotan egon zen (1.200 buru baino ez ziren geratzen).
1922an Suediako gobernuak kastoreak birpopulatzeari ekin zion, eta hala egin zen Europako herrialde gehienetan. Espainian ez zen halakorik egin, eta 2003an modu ilegalean sartu zituen 18 kastore Belgikako talde ekologista batek. Martzilla ondoan, Aragoi ibaian izan zen, eta 2005ean Ebron detektatu zituzten. Ordutik zabaltzera jo dute eta Arga, Ega eta beste hainbat ibaitan ikusi dira.
Eskualdean detektatzen diren lehen aldia da hau. Dozena bat zuhaitz zulatu dituzte, baina ez dute kalte larririk sortu. Oro har lodiak dira erasotu dituzten zuhaitzak, hala ere estua den bat ere erasotu eta bota egin dute. Hala ere, kastoreak ez du zertan kaltegarria izan, eta babestutako espeziea da gainera. Ikusiko dugu zein joera izaten dute aurrerantzean.