Basaburua eta Imotz, ETB 2ko Juego de cartas saioan, adiskidetasun eredu

Amezti.eus 2018ko abe. 15a, 14:14

ETB 2ko Juego de cartas saioan agertu dira Etxalekuko Ostatua, Berueteko Txaseneko Borda eta Aizarozko Ostatua, Aldazko Martitxonea sagardotegiarekin batera. Programako aurkezleak, Javi Sierrak, estrategia gutxien izandako saioa izan dela adierazi du, eta adiskidetasun eredua izateagatik eskerrak eman dizkio lehiakideei. Maritxu Erbiti, Etxalekuko Ostatuko jabea; Angel Álvarez, Berueteko Txaseneko Bordako jabea; Ana Irigoyen, Aizarozko Ostatuko jabea; eta Inaxio Begiristain, Aldazko Martitxonea sagardotegiko jabea izan ziren lehiakide zintzo horiek.

Nahiz eta irabazteko helburuarekin ez zihoan, Ángel Álvarez, Berueteko Txaseneko Borda sagardotegian egindako lanarengatik izan da 2.000 euroko sariaren irabazlea.

 

Álvarez Asturiasen jaio zen, gaztetan Hernanira joan zen, bertan maitemindu eta 3 hilabetetan ikasi zuen euskaraz hitz egiten. Ondoren, bere bigarren maitasunak, sagardotegi lanak, Berueteko Txaseneko Borda martxan jartzera bultzatu zion. Kupelak, itxura, txuletak erretzeko parrila eta sukaldea goraipatu dute bere lehiakideek.

Bigarren postua Maritxu Erbitik daraman Etxalekuko Ostatuak irabazi du. Harriz eta egurrez egindako jantoki ederra, eta bikain antolatua duen sukaldea nabarmendu dute. Bertan, gainera, oiloak eta poniak ditu Erbitik, umeek asko atsegin dituztelako. Han egiten duen bazkari tradizionalak, baratzekoa, eta, bereziki, mamiak, puntu ugari lortzeko aukera eman dizkio.

Hirugarrena, Aizarozko Ostatua izan da, Ana Irigoyenek kudeatzen duena. Txikia izan arren, sukaldea zoragarri prestatua duela esan dute gainontzekoek, eta umeentzako duen txokoa ere asko erakarri ditu. Irigoyenek aniztasun funtzionala duten pertsonendako zentru batean lan egin zuen 15 urtez, baina aldaketa sakona behar zuelako Ostatua hartzea erabaki zuen. Bizitzan hartutako erabaki onena dela azpimarratu du telebista saioan.

Laugarrena, baina besteok aitortu dutenez, ez galtzailea, Aldazko Inaxio Begiristain izan da. Programan ipini diren puntuaziorik hoberenak jarri dituela nabarmendu du Javi Sierra aurkezleak, bere adiskidetasunarengatik eskerrak emanez, “Estrategia gutxien erabili den saioa izan da gaurkoa, adiskidetasuna izugarria izan da, horregatik, bihotz-bihotzez mila esker lau lehiakideei”, hitz horiekin agurra eman dizkie guztiei.