Mikel Eugik eta Itxaso Onsalok irabazi dute Nafarroako arpana txapelketa mistoa

Amezti.eus 2018ko aza. 19a, 09:46

Mikel Eugi beuntzarrak eta Itxaso Onsalo aresoarrak Nafarroako arpana txapelketa mistoan garaipena lortu zuten ostiralean Donezteben.

Nafarroako aizkora txapelketan, Oier Kañamares aroztegiarra laugarren izan zen, bere lehendabiziko final handian.

jaialdi ederra izan zen Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Bete beteak ziren harmailak, tartean maila handiko kirolariak, tartean, besteak beste Xabier Orbegozo 'Arria V.a' edo Iñaki Perurena.

Eta kantxa maila handiko Nafarroako bi final: aizkora eta arpana. Lehenengo saioan Nafarroako bost aizkolari hoberenak aritu ziren: Iker Vicente, Jon Rekondo, Joxean Etxeberria, Ruben Saralegi, eta lehen aldiz final handi batean aritu zen Oier Kañamares aroztegiarra.

Hasi aurretik denek zekiten ia ezinezkoa izanen zela Iker Vicente otsagiarrari txapela kentzea, eta hala izan zen. Hasieratik hartu zuen aldea Euskal Herriko txapeldunordeak, eta alde handia atera zien ondorengoei, 32'35"ko denbora eginez. Bigarren Jon Rekondo leitzarra izan zen (35'58"), eta honek ere beste hiruak baino gehiago zela erakutsi zuen. Azken hiruen artean, aldiz, lehia handiagoa izan zen, nahiz eta bi oinbikoetan Joxean Etxeberrik aldea hartu eta amaierara arte mantendu. Zigakoa izan zen hirugarren (38'18"), eta Oier Kañamares eta Ruben Saralegiren artean lehia estua izan zen azken aizkorakada eman arte. 'Sprint' gogorra eginda, aroztegiarrak lortu zuen laugarren postua (39'43"), eta hamar segundora amaitu zuen leitzarra (29'53")k.

Pozik agertu zen Oier Kañamares. Aitortu zigun sekula egin gabeko lana zeukala ostiraleko saioan (lau kanerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko), eta beldur puntu bat zion horren saio gogorrari. Oinbikoak trabatu egin zitzaizkion, baina oso osorik amitu zuen saioa ia 40 minutu lanean eman eta gero.

 

Arpana txapelketa mistoan bost bikote aritu ziren, baina biren artekoa zen lehia nagusia: Mikel Eugi - Itxaso Onsalo bikoteak txapela mantzentzeko aukera handiak zituzten, baina Josetxo Barberena - Ainhoa Iraizotz bikoteak txapela garesti saltzeko asmoa zuten. Hala ere, Eugi eta Onsalorentzat izan zen txapela (4'58"). Bigarren amaitu zuen Ultzamako bikoteak (5'29"), eta hirugarren Esti Gastearena erdi-ostiztarrak eta Unai Bertiz sunbildarrak (6'44"). Antsoaingo bi bikoteak sailkatu ziren azken bi postuetan, laugarren izan zen Irune Biurrun - Endika Garay bikotea (7'04") eta bosgarren Alba Cobo - Tasio Ugarte bikotea (11'11").