Sari ugari eskuratu du Ultzamaldeak Uharte-Arakileko Artzai Egunean

Amezti.eus 2018ko abu. 31a, 11:24

Goldarazko Iosu Ollo Bildarratzek irabazi zuen ardi latxaren lehenengo saria, bai ardi helduen kategorian eta baita ardi gazteen kategorian ere. Bestalde, Egozkueko Marta Pérez Loperenak, gazta txapelketan bigarren saria eskuratu zuen.

Pasa den abuztuaren 26an ospatu zen Artzai Eguna, Uharte Arakilen, eta sari ugari etorri dira Ultzamaldera.

Iosu Ollo Bildarratzek, 350 ardi dituen Goldarazko semea, bi sari lortu zituen, esate baterako. Ardi latxaren esne ekoizpen txapelketan, alegia. Bertan, urtean errendimendu altuena lortu duena saritzen dute, eta Iosu Ollo izan da irabazlea, bai ardi helduen txapelketan, baita bi urte baino gazteagoen kategorian. Berarentzat oso egun garrantzitsua da: "Opari bat da artzaiontzat, egun zoragarria. Bertan ikusten da, biltzen den jende kopuruarengatik, zenbat eta zenbat baloratzen den gure lana. Nik poz handiz hartzen ditut lortutako sariak! Eta maila mantentzeko lanean jarraitu behar dut.", nabarmentzen du Ollok.

Marta Pérez Loperenak, bestalde, Egozkueko alaba, Ardi Gaztako lehiaketan bigarren postua eskuratu zuen: "Oso pozik gaude, ez genuen espero, sorpresa handia izan da. Orain arte lortzen dugun saririk garrantzitsuena da, Nafarroako txapelketan bigarrena izatea oso garrantzitsua da", aitortzen du. Loperenak 3 urte daramatza gazta egiten eta Uharte-Arakilen maiatzako gazta batekin irabazi zuen, eurek ekoiztutako esnearekin eginda eta gustu handikoa.