Iñaki Iraizoz eta Oier Aizkorbe Euskal Herriko txapeldun zaku eramatean

Amezti.eus 2018ko uzt. 30a, 10:11
Julen Lintzoain, Oier Aizkorbe eta Iñaki Iraizotz

Larunbatean jokatu zen Gasteizen Euskal Herriko 7 herrialdeen arteko herri kirol txapelketa. Iñaki Iraizoz esaindarrak eta Oier Aizkorbe aroztegiarrak txapela jantzi zuten zaku eramate proban.

10 kirol proba izan ziren hego Euskal Herriko lau probintzien artean jokatutakoan. Ipar Euskal Herritik ez zen talderik atera aurtengoan, eta Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren arteko txapelketa izan zen.

Etsaingo Iñaki Iraizoz eta Aroztegiko Oier Aizkorbe zaku eramate proban aritu ziren, 80kg-ko zakuarekin 360m-ko lana, hiruren artean egin beharreko. Berriozarko Julen Lintzoain zen hirugarren partaidea. Denetan azkarrenak izan zen hirukote nafarra, eta txapela irabaztea lortu zuten.

Bestalde, arpana txapelketan Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena anaiak aritu ziren, baina bigarren amaitu zuten hauek.

Osotara lau txapela irabazi zituzten nafarrek (Lokotx biltzean, sokatiran, zaku lasterketan eta aizkoran), eta Euskal Herriko txapeldun izan ziren, bizkaitarrei 5 puntuko aldea aterata. Gipuzkoarrak izan ziren hirugarren eta arabarrak laugarren. Honenbestez, txapelketa hau egiten hasi zenetik hamarna garaipenekin berdinduta daude Nafarroa eta Bizkaia.