Ameriketako emigrazioak Nafarroan izan zituen ondorioak aztertu ditu Amaia Iraizozek

Amaia Urroz Betelu 2018ko mai. 1a, 11:21
Amaia Iraizoz

Amaia Iraizoz Cia: “Nire etxeko historiak inspiratu ninduen tesi hau egiteko, beraz, nire etxeari, Ramorena, eta amaren etxeari, Bortanea, dedikatu diet lana”

Zergatik Aezkoa?

Ez dakit... hasieran pentsatu nuen Erro ikertzea, diru-laguntzak zeudelako, baina gero artxiboan Aezkoako dokumentazio asko zegoela konturatu nintzen. Aldi berean oso gutxi zegoen ikertuta eskualde honi buruz eta batez ere horregatik, ez beste edozein arrazoi berezirengatik. Nekiena zen Anueri buruz ez nuela egingo, horretaz ziur nengoen. Aita Aritzukoa, Ama Urrizolakoa, familia daukat Alkotzen, Auzan ere bai... denetan emigranteak daude eta ez nuen nahi familiaren datuak aurkitzea. Batez ere kezkatzen ninduen biraitonaren informazioa topatzea, Kuban egon zelako eta ez nuen jakin nahi esklabista izan zenik edo horrelako zerbait ikustea. Gehienak, hala ere, Venezuela eta Argentinara joan ziren.

Eta tesia bukatu duzula ez zenuke Anue aztertu nahi?

Gustatuko litzaidake egitea, bai, ikusteko patroi bera ematen den edo ez. Kuriositatez bai, baina ez nuke zerbait akademikoa egingo. Lehen esan bezala, sentimenduak agertzen dira, objektibotasuna galtzen da, eta horregatik ez dut zerbait akademikoa egin nahi Anueri buruz.

Hala ere, tesian atera dituzun ondorioak Anuen errepikatu daitezkeela uste duzu?

Gure eskualdera bai eraman daitezke, aldaketa txikiak egongo dira Aezkoa eta Anueren artean, baina ez Euskal Herriko beste lekuetara, herri eta eskualde oso ezberdinak baitaude.