Bailarako eguna ostiralarekin izanen da, uztailaren 25ean, Beuntzako frontoian. Urtero gisa, egun osoko egitaraua antolatu dute Atezko herritarrek:
Kontuan izan dezazuen bazkarian izena emateko azken eguna larunbatean izanen dela, uztailaren 19an; eta 645 940 723 telefonora deitu behar dela. 40 euroren truke eskuratu daiteke txartela.
Aurten, gainera, Music to Dream ecofest kultura jaialdiaren bigarren edizioa antolatu dute asteburu horretan. Joan zen urtean jaio zen jaialdia, irailean, eta Suakai musika kolektiboa dago antolakuntzaren atzean, izan ere, bi kide Atetzen bertan bizi dira. Aurten, beraz, uztailaren 26an izanen da, larunbatarekin, eta hemen ere egitarau interesgarria eta berritzailea prestatu dute:
Antolakuntzak azaldu digunez, arratsaldean izanen da jaialdia eta 17:00ak baino lehen bakarrik sartu ahal izanen da. Claudia Osés Suakaiko kidea da: "16:00etatik aurrera zabalduko da sarrera eta 17:00etan itxiko ditugu ateak. Jendea tantaka sartzea saihestu nahi dugu jende guztia batera sartu dadila eta arratsalde osoa partekatu dezan, batera eta ongi pasatzen".
Jaialdia ibilbide artistiko eta kultural interesgarri bat izanen da. Eguarasko toki ezberdinetatik pasako da publikoa, ekimenez ekimenera batzen joateko. Soinu murgiltzaileko espazio interaktibo batetik hasi, Mikel Landaren txirrindula erronkara, azoka artisaueraino. Gainera, Despopulazioaren aurkako ahotsak ekimenean jendeak herri txiki batean bizitzeak zergatik merezi duen kontatzea nahi dute: "Iparraldean edo hegoaldean bagaude ere herri txikietan bizi garenoi arazo berberek eragiten digute askotan, horrek batu egiten gaituela adierazi nahi dugu, eta ez bereiztu".
Lehenengo ibilbide hori amaituta, Olmo taldearen kontzertua izanen da, eta gero soinu banden musika ikuskizuna Suakairen eskutik. Azkenik, iluntzean, parte hartu duten artistek, lanean aritutako bolondresek eta publikoak elkarrekin egoteko eta hitz egiteko aukera izanen dute, eta DJ batek musika jarriko du. Bertan Reyno Gourmeteko food truck edo janari postua ere izanen da.