Bihar hasiko da Music to dream musika jaialdia, Atetzen

Amezti.eus 2024ko ira. 5a, 16:15

Music To Dream musika festibala izanen da Atetzen, asteburuan. Suakai taldearekin lotura duen Music to Dream elkartea antolatzen ari da eta Suakairekin batera, Oreka TX eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko perkusio atala izanen dira, besteak beste.

Irailaren 6an hasiko da jaialdia, eta, momentuz, Beuntzan izanen dira biharko kontzertuak, Eguaratsen izan behar zirenak, euria emana dagoelako.

Osotara hiru oholtza jarriko dira jaialdian, baina ingurugiroan ahalik eta kalte txikien eragin nahi du, eta, horregatik, 200 pertsonarendako edukiera muga izanen du. Gainera, autobusak jarriko dira Iruñetik etortzeko eta itzultzeko. Oraindik bada sarrerak eskuratzeko aukera.

 

Musika instrumentala, folk eta musika klasikoko forma berriei tokia ematea da jaialdiaren helburuetako bat. Horrela, hiru egunetan eta hiru eszenatokitan genero eta estilo horietako taldeak eta musikariak pasako dira: Suakai, Oreka TX, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko perkusio atala (livingroom ikuskizuna eskainiko dute, non erratzak, arrainontziak eta eguneroko tresnak erabiltzen dituzte), Juan Ignacio Emme (Euskadiko Orkestrako Violoncello bakarlaria), Irene Etxebeste biolin-jolea, Iruñeko Orkestra Gaztea eta Iñaki Dieguez Acoustic trio (Cirque du Soleileko musika zuzendaria). Yerai Carmona Music to Dream elkarteko kidea da: “Makro-festibalei kontrajarrita guk bestelako artistei eta musikari tokia egin nahi diogu”.

 

Eszenatoki nagusian izanen diren kontzertuez gain, goizetan, ostiralean eta larunbatean, dianak izanen dira Atezko herri guztietan. Gainera, igandean, Beuntzan, 12:00etan, ekitaldi berezi bat ere izanen da, jaialdiko musikari guztiekin: “karrikadantzako musikariek gidatuko dute, hurbiltzen diren guztiei dantzara gonbidatzeko, eta festibaleko musikari guztiak jotzera daude gonbidatuta jam session (edo inprobisazio saio) moduko batera, fusio interesgarri bat egitea da asmoa”.