Zerbitzu anitzetarako langile bat kontratatzeko deialdia, Atetzen

Amezti.eus 2023ko abu. 8a, 09:30

Atezko Udalak zerbitzu anitzetako eginkizunak betetzeko eta sareak eta matxurak kontrolatzeko langile baten beharra du, eta lanpostuaren deialdi publikoa argitaratu dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Lan kontratu finkoa da eskaintzen dena, %75eko lanaldikoa. Oposizio-lehiaketa bidez eginen da kontratazioa.

Deialdian ezartzen diren betekizunen artean daude 16 urteak beteak izatea, Eskola Graduatuko, Lanbide Heziketako Lehen Mailako edo horien baliokidea den titulua edukitzea, B motako gidabaimena izatea eta euskaraz jakitea (B2 maila edo baliokidea).

Eskabideak Atezko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, Eritzegoitin, deialdia argitaratzen denetik 30 egun naturaleko epean (deialdia uztailaren 27an argitaratu dela kontuan izanda, abuztuaren 26a arte luzatuko da epea).  Honakoa da udaleko bulegoen ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00ak arte.

Informazio eta xehetasun guztiak Nafarroako Aldizkari Ofizialeko deialdian aurki daitezke.