Bost txapela eskualdera, San Ferminetako Herri Kirol lehiaketan

Amezti.eus 2023ko uzt. 10a, 10:51

Urtero bezala, San Ferminetako herri kirol txapelketak jokatu dira asteburuan Iruñeko Foruen Plazan. Eskualdeko hainbat kirolarik hartu dute parte lehiaketan, eta lehen postuak eskuratu dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen trontzan eta binakako aizkora txapelketan. 

Larunbatean, uztailaren 8an, emakumezkoen eta gizonezkoen trontza eta emakumezkoen aizkora lehiaketak jokatu zituzten. Ainhoa eta Maria Iraizoz ultzamarrak izan ziren garaile emakumezkoen trontzan: 7 minutu eta 24 segundotan ebaki zituzten horizontalean jarritako 45 hazbeteko 10 zatiak. Bigarren postuan gelditu ziren Ainhoa Etxegarai eta Naiara Manzanori hogei segundo atera zizkioten. Hirugarren eta laugarren postuetan, Irune Biurrun eta Lucia Etxeberria eta Uxue Rodriguez eta Nerea Huarte gelditu ziren.

Gizonezkoen trontzaren kasuan ere, txapela eskualdera etorri zen: Iñaki eta Josetxo Barberenak lehen postua eskuratu zuten, 8:56.29 minutuko denborarekin. Horizontalean jarritako 54 hazbeteko 14 zati eta bertikalean jarritako 54 hazbeteko 4 zati ebaki behar izan zituzten. Bigarren postuan gelditu ziren Xabier Urrutia eta Dani Saldias; hirugarren Adrian Berruezo eta Alberto Oteiza izan ziren; eta azken postuan, Alex Fernandez eta Iosu Huarte gelditu ziren.

Igandean, berriz, uztailaren 9an, gurdi altxatzea eta bikotekako aizkora txapelketa jokatu zituzten. Oier Kañamares aroztegiarra garaile suertatu zen aizkoran, Iker Vicenterekin batera. 25 minutu eta 23 segundotan amaitu zuen lana bikote nafarrak. Bost txapela ekarri dituzte eskualdera, beraz, San Ferminetako Herri Kirolen torneoan.