Joxe Angel Azpirotz, artzaina

"Azken egunetako euriarekin, iaz baino askoz hobeki gaude hemen"

Amezti.eus 2023ko eka. 5a, 13:08

Eguraldia nekazariei nola ari zaien eragiten azaldu digu gaurko kolaborazioan Joxe Angel Azpirotz Atezko artzainak eta Habelarteko kideak. Aurtengo egoera, gurean, iazkoa baino dezentez hobea bada ere, Nafarroa hegoaldeko lehorteak badu eraginik. Horrekin batera, makroetxaldeen gaiaz ere aritu gara.

"Azken egunetan egin duen euriarekin, iaz baino askoz hobe gaude, belarra ere geihago dago. Hegoalderago ere eskertu da euria, Lizarraldean eta, baina zerealentzat-eta berandu izanen dela pentsatzen dut. Hemen, Iruñea inguruan, hor bai dago uzta ona, Iruñetik behera egoera txarra da", azaldu du Azpirotzek. 

Azpimarratu duenez, iazko eta aurtengo lehorteak aziendarendako bazka falta ekarri du, eta horrek bestelako arazoak ere sortu ditu. "Hiltegiak kolapsatuak daude Espainiako estatuan, jendea animaliak kentzen ari baita elikatu ezin dituelako. Itxaron zerrendak daude hiltegietan, eta, aldi berean, espekulazio handia ari da sortzen janariarekin, pentsuarekin eta forrajearekin", gehitu du. 

Makroetxaldeen gaia, pil-pilean

Makroetxaldeen inguruko artikulo bat eta industriaren hedapenaren inguruko beste bat ere ekarri dizkigu Azpirotzek, Sustrai Erakuntzak ateratakoa, lehenengoa; eta, Ekologistak Martxan, bigarrengoa. Bertan, Nafarroako zenbait abeltzainek abeltzaintza industrialaren zabalkundea salatu dute. "Nafarroan indar handiarekin ari da gertatzen abeltziantza industrialaren zabalpen hori, bereziki Erribeheran eta Nafarroa erdialdean, eta batez ere txerri granjena". Abeltzain txikiak zuzenean kaltetzen ditu eredu horrek, artzainak azaldu digunez. "Gainera, ez dituzte ingurumen neurri asko betetzen, baina ez zaie ezer gertatzen", amaitu du.