Duela lau urte hasi ziren antolatzen, kanpineko lehenengo urtebetetzea ospatu baino lehen, baina, pasa den urtean ezin izan zuten egin, izurritearen hedapenarengatik. Orain, Izarpe kanpineko mus txapelketari berriz ekitea erabaki dute, inguruko jendeak eskatuta, eta gaur gauean hasiko da hirugarren edizioa.
Arrakasta handia izan du aurreko urteetan, hogei bikotek baino gehiago izena ematen ohi zuten, eta izugarrizko giroa sortzen zen kanpinean, bertako bezeroak eta bailarako herritarrak batuz, Marta Gastonek esan digunez: "kanpineko jendea, ibarrako jendea; eta Ultzama eta Odietako jendea ere badator".
Gaur, otsailaren 25ean, hasi eta martxoaren 25era arte luzatuko da. Tokian bertan eman daiteke izena, jende gehienak txapelketa osorako apuntatzen da, baina egun soltetan parte hartzeko aukera ere badago.