Larunbatean Beuntzan izanen da Mendialdeko Azoka Ibiltaria

Amezti.eus 2021ko ira. 16a, 09:40

Aurtengo Mendialdeko Azoka Ibiltarietan azkena izanen da larunbat honetan Beuntzan, Atetzen, ospatuko dena. Bertako produktuen eskaintzaz gain, goiz osoko egitaraua ere prestatu dute Atezko Udalak, Cederna Garalurrek, Irelarre Kultur Elkarteak, Habelartek eta Plazaolako Turismo Partzuergoak.

Iaz sortu zen Mendialdeko Azoka Ibiltariaren egitasmoa, eta Nafarroako iparraldeko hainbat herritan antolatu ziren azokak. Atetzek hasieratik bat egin zuen egitasmoarekin, baina iaz, koronabirusen egoera zela eta, udalerrian azokarik ez antolatzea erabaki zuen. Larunbat honetakoa izanen da lehen azoka, eta egitarau oparoa prestatu dute hastapen horretarako.

Azoka goizeko 10:30ean zabalduko da herrian, eta guztira 26 artisautza- eta nekazaritza-postu jarriko dituzte, horietako gehienak Mendialdeko eskualde zabaleko baserri, ekoizle eta artisauenak.

Azokak ateak zabaldu baino lehenago, ordea, beste hitzordu bat jarri dute: goizeko 9:30ean txangoa abiatuko dute Beuntzako Ostatutik, bailarako herrietan antzinako usadioan egurrerako zuhaitzak nola mozten ziren erakusteko. Atetzen garrantzia handia duten herri kirolen saioa ere izanen da eguerdi partean; 12:00etan txikienendako hitzordua izanen da, herri-kirolen tailerretan parte hartzeko aukera izanen dute; 12:30ean, berriz, Kañamares anaien eskutik enborren erakustaldia izanen da modalitate desberdinetan. Aralar Musika Eskolako ikasleek ere musika emanaldiak eskainiko dituzte goizean zehar.