Julen Kañamares Euskal Herriko Pentatloiaren txapelaren bila, berriz

Amezti.eus 2021ko ira. 7a, 10:41
Julen Kañamares, pasa den urteko finalean

Hasi da IV. Euskal Pentatloia, eta Julen Kañamares Aroztegiarra txapela lortzeko lehian izanen da. Kañamares larunbat honetan arituko da, bigarren kanporaketan. Lehenengoa irailaren 5ean izan zen.

Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.aren kontra lehiatuko da Julen Kañamares; Hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan.

Pasa den urtean sorpresaz lortu zuen finalerako seigarren txartela Julen Kañamares aroztegiarrak, berak onartu zigunez: “parte hartzea besterik ez nuen nahi, hurrengorako hobeto prestatzeko". Eta, seigarrena izan zen finalean, lanak 43 minututan eta 23 segundotan bukatu zituela, baina pozik: “pentatloia oso gogorra da, eta eguraldi horrekin gogorragoa. Biño bukatu giñun lanak eta pozik, bai”. Aurten berriz arituko da beraz, Euskal Herriko Pentatloian.

Aurten, lehen kanporaketan harriari zortzi jasoaldi egin behar izan zizkioten, giza proban plaza bat osatu, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin, eta korrika kilometro bat, zezen plazari hamar itzuli emanez. Bigarren kanporaketan, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea.

Sarrerak aurrez jarri dituzte salgai, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan. Pandemiaren aurkako neurriak direla eta, ikusleek iazko protokolo bera jarraitu beharko dutela zehaztu dute antolatzaileek: sarreran datuak hartuko dizkiete, musukoak jantzita egon beharko dira, eta aforo mugak zorrotz betetzeko erabil daitezkeen eserlekuak markatuta jarrituko dituzte harmailetan.

Bestetik, aurten lehen aldiz, emakumeen txapela ere banatuko du Euskal Pentatloiak: Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe dira emakumeen lehen txapelaren bila ariko direnak. Emakumeen lehia finalaren egunera mugatuko da, irailaren 25era, alegia.