Julen Kañamares hirugarrena, Euskal Herriko bigarren mailako txapelketan

Amezti.eus 2020ko abe. 16a, 13:43
Robot batek eman zion zapela garaileei sherpa.ai txapelketa berrian

Sherpa.ai lehen txapelketa izan zen asteburuan Bilbo Arena pabeioian. Bertan, bigarren mailan, aritu zen Julen Kañamares aroztegiarra; eta lehiatu ziren zortzi aizkolarien artean hirugarrena izan zen.

Ia hasieratik nabarmendu ziren lau, besteen lauren oso gainetik ibili zirenak. Hoberenetan genuen Julen Kañamares. Azkenean, lauak ere oso-oso hurbil ibili ziren elkarrengandik eta lehenengo lauen sailkapena honako hau izan zen, esan bezala, hirugarrena izan zela Julen Kañamares aroztegiarra:

 

Julen Larrea, Larrea IIIa………23’ 40”

Arkaitz Jauregi 24’ 06”

Julen Kañamares 24’15” Aroztegi

Eneko Saralegi 24’ 21” Errazkin

 

Hurrengo lauak askoz ere denbora txarragoak egin zituzten.

 

Lehen mailakoetan honako hau izan zen sailkapena:

 

1 Iker Vicente 38’48” Otsagabia

2 Mikel Larrañaga 40’ 05” Azpeitia

3 Eneko Otaño 41’27” Beizama

 

Eta gero beste hiruak askoz ere atzerago.

 

Sherpa.ai, adimen artifizialean murgildua dagoen enpresa

 

Dena dela, atzo "aizkolaritza eta euskal kultura" atera omen ziren garaile. Hori esan zuen Sherpa.ai-ko zuzendari nagusiak, Xabier Uribe-Etxebarriak, txapelketa antolatu eta izena eman zionak.

Aurten Federazioarekin aserretu eta aizkolariak beren aldetik prestatu dituzte urte guziko txapelketa guziak.

 

Sherpa.ai enpresa izan dute azken txapelketa hori prestatu duena. Aizkolari txapelketak modernizatzeko helburuarekin, gainera, enpresatik esan dutenez. Adimen artifizialerako puntako enpresa omen da Sehrpa.ai, haien webgunean esaten dutenez "Sherpa.ai Inteligentzia Artifizialeko 10 enpresa garrantzitsuenen artean nabarmendua dago mundu mailan, Google, Amazon, Microsoft eta IBMrekin batera". Sherpa.ai-ren Adimen Artifizialeko teknologia automobilak, aurikular adimendunak, etxeko bozgorailuak edo etxetresna elektrikoak bezalako produktuetan integratzeko diseinatuta dago.

 

Beharbada horregatik nabarmentzekoa da azken punturaino pentsatutako txapelketaren antolakuntza. Telebista kamara askorekin egin zen eta inoiz ikusi gabeko irudiak eginez. Sherpa.ai puntako teknologiako enpresa izanik, bi aizkolarien pultsometroaren berri eman zuten. Gainera, robot batek eman zien zapela garaileei. Bestetik, aizkolarien aurkezpena bikaina izan zen eta sari banaketa ere ikusgarria.