Julen Kañamares, seigarrena banakako pentatloieko finalean

Amezti.eus 2020ko ira. 28a, 14:11

Finalerako seigarren txartela lortu zuen Julen Kañamares aroztegiarrak, eta sailkapenean seigarrena izan zen larunbateko finalean, Azpeitian. Xabier Zalduak irabazi zuen, hirugarrenez, bere markarik hoberenarekin; atzetik, gertutik, Julen Gabirondo izan zuen; eta Xabier Orbegozo ‘Arria’ V-ak eskuratu zuen hirugarren postua.

Sorpresaz lortu zuen finalerako seigarren txartela Julen Kañamares aroztegiarrak, berak onartu zigunez: “parte hartzea besterik ez nuen nahi, hurrengorako hobeto prestatzeko". Eta, seigarrena izan da finalean, lanak 43 minututan eta 23 segundotan bukatu zituela, baina pozik: “pentatloia oso gogorra da, eta eguraldi horrekin gogorragoa. Biño bukatu giñun lanak eta pozik, bai”.

Izan ere, sekulako ekaitza bota zuen, eta haizeak ere gogor jo zuen irailaren 26an, gauean. Hain zuzen ere, argirik gabe gelditu ziren une batez, eta finala bertan behera gelditzeko arriskuan egon zen.

Julen Kañamares (30) aizkoran ibili da txikitatik, aitak eta osabak sortutako Zurgai taldean. Pozik egotekoa da, bai, pentatloian lortutako emaitza, uztailan egin baitzuen bere lehenengoa. Binakako euskal pentatloia izan zen bere lehenengoa, Xabier Urrutiarekin batera laugarren postua eskuratu zuten.

Sailkapena:

  1. Xabier Zaldua: 36:06
  2. Julen Gabirondo: 36:41
  3. Xabier Orbegozo ‘Arria V’: 37:55
  4. Kepa Peñagarikano: 38:42
  5. Iñaki Errazkin: 40:05
  6. Julen Kañamares: 43:23

 

 

Erlazionatuak