Julen Kañamares finalerako sailkatu da, III. Euskal Pentatloian

Amezti.eus 2020ko ira. 7a, 11:37
Argazkia: uztarria.eus. Ezk-esk: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares.

15 lehiakideren artean, finalerako seigarren txartela lortu zuen Kañamaresek, larunbatean Azpeitian. Irailaren 26an izanen da finala, Azpeitin. Aroztegiarraren bigarren pentatloia da, binakakoan laugarren sailkatu ondoren.

15 minutu eta 40 segundotan bukatu zituen lanak eta oso pozik agertu da, ez baitzuen espero: "Oso pozik nago. parte hartzea besterik ez nuen nahi, hurrengorako hobeto prestatzeko, baina finalean sartu naiz".

Irailaren 26an izanen da III. Euskal Pentatloi Sariaren finala, Azpeitiko zezen plazan berriro. Julen Kañamaresen aurretik Xabier Zaldua zumarragarra (12'50''), Julen Gabirondo urnietarra (14'4''), Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra (14'24''), Kepa Peñagarikano azpeitiarra (14'28''), Iñaki Errazkin tolosarra (14'40'') sailkatu dira eta haien aurka lehiatuko da finalean. "Dena ematera aterako naiz, baina lanak bukatzearekin konformatuko naiz honetan", esan digu Kañamaresek. 

100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin zizkioten larunbateko finalaurrekoan. Ondoren, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin zuten. Aizkora izan zen egin behar izan zuten hirugarren lana: kirolari bakoitzak kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki zituen. Horren ostean, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza egin zituzten, eta, bukatzeko, zezen plazari hamar buelta eman zizkioten, lasterka (guztira kilometro bat).

Finalean lan bikoitza egin beharko dute: 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte.

Txikitatik aizkoran ibili da bereziki 30 urteko Julen Kañamares aroztegiarra (Atetz), aita eta osabekin. Hala ere, betidanik herri kirol guztiak izan ditu gustoko, eta orain hasi da pentatloietan. Larunbatekoa bigarrena izan da, Tolosan izandako binakako pentatloiaren ondoren. Hartan laugarrena izan zen Xabier Urrutiarekin bikote.