Elkarrizketa

Julen Kañamares, binakako Euskal Pentatloian

Amezti.eus 2020ko uzt. 30a, 13:32

Tolosan izanen da bihar, goizeko 11etan. Julen Kañamares, 30 urteko aroztegiarra, Xabier Urrutiarekin batera lehiatuko da beste bost bikoteren kontra. Nafar bakarrak izanen dira. Txikitatik aizkoran ibili ondoren, harriarekin hasi da orain Kañamares.

 

Julen Kañamares Mugertza, 30 urte, Aroztegi- Euskal Pentatloian lehiakidea:

  • Xabier Urrutia izanen da zure bikotekidea, zer moduz zabiltzate?

Bi nafar bakarrak gara. Aurten denbora gutxi izan dugu prestatzeko. Jendeak urtebete darama txapelketa prestatzen eta gu bi hilabete izan ditugu. Ahal duguna eginen dugu. Baina borroka egiteko gogoekin gaude.

  • Bi hilabete bakarrik, zergatik?

Ni, berez, aizkolaria naiz. Lan hauetan ez naiz ibili. Orain harriekin hasi naiz, korrika eta presaka, baina ilusioarekin. Ea lan polita egiten dugun. Xabirekin urteak daramazkit, Nafarroako Federazioko presidentea izan zen eta denbora asko pasa dut bera laguntzen. Konfiantza handikoa dut, beste ofizioetan ongi moldatzen da, aizkoran gutxiago, ea bion artean konpentsatzen dugun.

  • Aitarekin hasi al zinen aizkoran?

Bai, aita eta osaba urte asko daramatzate, eta txikitatik ikusi ditut, beraz, haiekin hasi nintzen. Gero Zurgai elkartea sortu zuten eta beti haiekin ibili naiz.

  • Eta orain, gainera, harriarekin eta gainontzeko ofizioetan hasi zara.

Umetatik gustatu zait guztia herri kiroletan. Harriekin egiten direnak beti atentzioa eman didate baina ez naiz inoiz ibili. Orain, pentatloia indarrean hasi dela probatzeko egun bat hartu nuen, gustura aritu nintzen, eta korrika eta presaka txapelketarako prestatzen ibili naiz.

  • Konfinamenduan nola entrenatu duzue?

Pixka bat mugatuta, baina ibili gara. Ez gaitu hirian bezain beste eragin. Egia da mendira joateko eta fondoa egiteko ezin izan dugu, baina egurra mozteko eta horrelakoak egiteko, barruan, bai izan dugu aukera.

  • Orain, nahiz eta poliki, berriz ikusi zaitzakegu plazetan.

Bai, herri askotan lehiaketak suspenditu dituzte baina orain hasi dira berriz mugitzen. Orain aizkolarien Nafarroako txapelketa dugu, datarik ez dago oraindik baina egiteko asmoa badago. Irailean izaten da hori eta finala azaroan, Doneztebeko ferian. Baina, ikusiko dugu, aurten nahiko berezia izan behar du.

 

Probak:

  1. 100kg-ko harria jasotzea 40 aldiz
  2. 400kg-ko harria lau plaza arrastan ibili
  3. Lau kanaerdiko, Aizkoran
  4. 50kg-ko txinga esku bakoitzean, zortzi plaza
  5. Lau kilometro korrikan