Xabier Urrutia eta Alex Fernandez txapeldun Doneztebeko desafioan

Amezti.eus 2018ko abe. 23a, 17:04

Ezkurra pilotalekua leporaino bete zen nafarren eta bizkaitarren arteko herri kirol desafioa ikusteko. Nafarrek eraman zituzten jokoan zeuden 3.000 euroak, lan ikusgarria eginez.

Nafarrek eta bizkaitarrek adosturiko desafio honek badu zerikusia gure eskualdearekin. Izan ere, Xabier Urrutia arraioztarra eta Alex Fernandez iruindarra, besteak beste Aroztegin entrenatzen aritu ziren.

Ordu txikitan, lanetik aterata, gauez aritu ziren Kañamarestarren etxean arpanean entrenatzen. Kañamarestarrak eta Oier Aizkorbe berriozartarra (gurasoak Aroztegikoak) izan zituzten laguntzaile, baita Mikel Eugi beuntzarra ere. Beraz, ateztarrek zeregin garrantzitsua izan zuten apustu handi honi begira.

Lehiari dagokionez, larunbatez, arratsaldeko 18:00etan puntu puntuan hasi zituzten lanak. Alex fernandez eta Xabier Urrutia nafarrak, Oskar Perez eta Ousmane Drame bizkaitarren aurka.

Hasteko, 80 kiloko harri bolari 80 altxaldi eman zizkioten. Aldeak txikiak izan ziren lehenengo proba amaitzean, 20 segundo eskas nafarren alde. 140 kiloko txingak eskutan eramanez 20 plazako lana zuten gero, eta aldea estu mantendu zen. Hirugarrenik, 50 kiloko barrari 50 altxaldi (dos tiempos). Ousmanek erakustaldia eman zuen proba honetan, baina indarrak ahul zituzten eta minutu bateko aldearekin hasi zuten nafarrek azken lana, kanaerdiko enborrari 15 korte eman beharra.

Hemen egin zuen aldeak gora nabarmen. Indarra gorde zuten nafarrek eta erritmo onean aritu ziren hasi eta buka. Ez ordea bizkaitarrak. Bete egin ziren eta indarrik gabe iritsi ziren trontzara, aldeak gora egiten zuen korte bakoitzeko.

Azkenik, 25 minutu eta 27 segundoko denboran amaitu zuten nafarrek, eta amaitu ezinik utzi zuten bizkaitarrek, oraindik 7 bat korte faltan zituztela. Txapela beraz, nafarrentzat.

Giro aparta izan zen pilotalekuan, ikuskizun politaz gozatzeko aukera izan genuen eta txapela bertan geratu zen, Nafarroan.

Argazkiak Txus Amadozek utziak