Oier Kañamares Nafarroako I. mailako aizkora txapelketan arituko da gaur

Amezti.eus 2018ko aza. 16a, 11:59

Nafarroako I. mailako aizkora txapelketarako txartela lortu du Aroztegiko Oier Kañamaresek. Finala gaur arratsaldean izanen da Donezteben, udazkeneko ferietako egitarauaren baitan.

Arpana txapelketa mistoa ere jokatuko da, eta eskualdeko bi bikote arituko dira.

Arratsaldeko 18:00etan da zita Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Oier Kañamares aroztegiarrarekin batera beste lau aizkolari arituko dira, faborito argi bat izanda horien artean, Otsagiko Iker Vicente, Euskal Herriko txapeldunordea. Beste hiruak Zigako Joxean Etxeberria eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak izanen dira.

Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte. Orain arteko denborarik onena otsagiarrak dauka, 17 minutu eta 25 segundorekin. Jon Rekondo da bigarren (18'09"), Saralegi hirugarren (19'24"), eta laugarren da Oier Kañamares (19'51").

Kirol jaialdiak bigarren lehiaketa bat ere izanen du, Nafarroako arpana txapelketa mistoa hain zuzen ere. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkiote bikoteek.

Eskualdeko ordezkariak ere izanen ditugu txapelketa honetan, hauek dira bikoteak:

Josetxo Barberena (Iraizotz) - Ainhoa Iraizotz (Eltso)

Mikel Eugi (Beuntza) - Itxaso Onsalo (Areso)

Unai Bertiz (Sunbilla) - Esti Gastearena (Iruñea/Ostitz)

Tasio Ugarte - Alba Cobo (Antsoain)

Endika Garay - Irune Biurrun (Antsoain)

15€ko sarrera kobratuko da jaialdiaz gozatu ahal izateko