Urrezko Aizkolarien Kopan aurrera jarraitzen du Oier Kañamaresek garaipen estu baten ondoren

Amezti.eus 2018ko urr. 15a, 13:22

Igandean Pobesen (Araba) Urrezko Aizkolarien kopako laugarren kanporaketa izan zen, eta Oier Kañamares aroztegiarra txapeldun izan zen. Lehia estua izan zuen Joxean Etxeberriarekin, eta lau segundoren aldearekin irabazi zuen Kañamares IV.ak

34 minutu eta 20 segundo behar izan zituen Aroztegiko Oier Kañamaresek kana-erdiko 10 enbor mozteko, Joxean Etxeberriak baino 4 segundo gutxiago baino ez (34'24"). Hirugarren Xabier Zaldua izan zen (41'19").

Honenbestez, Atezko aizkolaria hurrengo kanporaketarako sailkatu da, azaroaren lehenengo asteburuan izanen dena.

Lehia oso estua izan zuen Joxean Etxeberrirekin. Izan ere, Kañamares IV.a atzetik joan zen saio osoan, 8. enborra aldi berean moztu zuten arte. Azken bi enborrak emozio handikoak izan ziren. 9.a hamabi segundo lehenago bota zuen Joxean Etxeberriak, eta alde hori izan zuen azken enborra mozteko. Baina Oier Kañamaresek lan aparta egin zuen azken kana-erdikoan, eta bi minutu baino gutxiagoko denboran bota zuen. Honela, lau segundoko aldea atera zion Etxeberriari, eta hurrengo kanporaketarako txartela lortu zuen.