Aritzuko Urrabia zohikaztegira irteera eginen du Gorosti elkarteak igandean

Amezti.eus 2024ko uzt. 18a, 12:49

Natur Zientzien elkartea da Gorosti, eta ingurune natural desberdinetara irteerak egin ohi dituzte taldean. Igande honetan, hilaren 21ean, Anuen izanen dira, Aritzuko Urrabia zohikaztegia bisitatzen. Herritik goizeko 9:00etan ateratzea aurreikusten dute. Guzti hori, eguraldiak laguntzen badu, bestela bertan behera utziko baitute ateraldia.

Zohikaztegiak oso toki bereziak dira geologikoki eta biologikoki. Giro oso hezea egon ohi da inguru horietan, baldintza berezietan sortzen dena; ura tenperatura hotzean mantentzen da eta muturreko pHa izan ohi du. Giro oso azidoa izaten da normalean, eta giro berezi horretan, zaila izaten da deskonposizio lana egiten duten mikroorganismoek bizirik irautea. Horregatik, hildako organismoak pilatu egiten dira, deskonposatu gabe, eta aldi luzea irauten dute zohikaztegian lurperatuta. Milaka urtetan iraun dezakete bertan. 

Zohikaztegiaren zatirik handiena goroldio zehatzez josia egoten da, Sphagnum generokoez, eta horien gainean hazten diren loreak ere oso bereziak dira, soilik giro konkretu horretan ateratzen  baitira.

Ingurune natural berezi horiek bertatik ezagutzeko aukera izanen da, uztailaren 21ean, igandearekin. Goizeko 8:30ean Ansoaingo parkinean jarri dute lehen hitzordua, eta, bigarrena,  9:00etan, Aritzun bertan. Doako ekimena izanen da, eta harremanetarako riparitzu@gmail.com helbidea jarri dute. Informazio gehiagorako, Gorosti elkartearen webgunera jo dezakezue hemendik.