Basagaitz baseliza auzolanean berritu dute Etsainen

Amezti.eus 2023ko aza. 29a, 09:47

Teilatua, zorua, oholtza eta kanpoko ataria berritu dituzte. Maiatzaren 31n hasi eta urrian bukatu dituzte lanak. Auzolanean eta herritar gehienek beren ekarpena eginez atera dira aurrera lanak..

San Isidroren irudia eta Basakaizko ama birjinarena dute bertan. Horregatik, urtero, San Isidro ondorengo igandean (maiatzaren 15aren ondorengoan) erromeria egiten dute. “Nekazariek mirespena diote San Isidrori eta urtero biltzen gara baselizan. Eta, urtero pentsatzen genuen, hemen zerbait egin behar da”, azaldu digu Reyes Perez etsaindarrak.

 

Izan ere, duela 30 urte egin zioten azken eskuhartzea, teilatua indartzeko, baina ordutik hondatzen joan da. Teilatua eroriko zela ere beldur ziren, eta, azkenean, zaharberritzeko antolatu dira: “Agustin Elizalde, Anueko apaiza, 90 urte izana ere, lanerako prest dago beti. Azkeneko erromerian zerbait egin behar zela esan zuen, komisioren bat sortzeko ideia ere bota zuen, eta gazte batek ere ardura hartu zuen. Hurrengo astean ingurua garbitzera joan ziren, sasiek hartuta baitzuten baseliza eta horrela jarri zen martxan zaharberritzea”. Maiatzaren 31n hasi ziren eta urrian bukatu dituzte.

 

 

Herritarrek eskainitako diruarekin erosi da materiala eta lan guztia auzolanean egin da. Gainera, Larrasoaineko hainbat herritarrek ere lagundu dute, Reyes Perez: “Giro ederrean eta lan taldean egin da dena. Bertan 10 eta 12 pertsona artean biltzen ziren lan egiteko, baina gero bakoitzak ahal duen ekarpena egin du, ekonomikoki, makina eta tresna aldetik, beste boluntario batzuek lanean ari zirenei janaria eramaten genien...”.

 

 

Osotara, teilatua, zorua, elizako oholtza berria, eta kanpoan duen atari moduko bat ere berritu dute. “Gure bizi osorako eta ondoren datorrenendako ere iraungo duen baseliza bat dugu orain eta oso pozik gaude”.