Alvarez eta Larretxea, Anueko frontenis txapelketako irabazleak

Ultzamaldeko Kirol Mankomunitatea 2023ko eka. 26a, 14:23

Aurreko ostegunean, ekainaren 22an, Olaguen, arratsaldeko 17:30etan, hasi zen emakumezkoen Anueko II frontenis txapelketako finala.

Partida gogorra, luzea eta entretenigarria jokatu zuten Tornero – Beuntza bikote beteranoak, Alvarez – Larretxea bikote gazte anuetarraren aurka.

Partidan hiru fase ezberdin egon ziren. Lehen erdira arte, Tornero eta Beuntzak osatutako bikoteak aurrea hartu zion bikote olaguearrari, tantoak gogorrak jokatuz eta esperientzia erakutsiz. Bigarren fasean, ordea, 12. tantotik aurrera Alvarezek eta Larretxeak, sasoi betean, markagailua irauli eta puskatu egin zuten, 20 - 15era iritsi arte. Hirugarren fasean, baina, berriz ere beteranoek markagailua 22 eta 20 jarri zuten, ia berdinketa lortuz eta jokoari emozioa emanez. Azkeneko emaitza, ordea, 25 eta 21ekoa izan zen Alvarez eta Larretxearen alde. Atzelarien bete-beteko norgehiagoka izan zen, Larretxearen sasoia eta kolpea partidaren gakoetako bat izan zen, Beuntzaren teknika eta gogortasunaren aurrean.

Behin partida amaituta, sari banaketa egin zen, Isabel Oiartzun zinegotziaren eskutik. Irabazle bakoitzak Ultzamako Bentan bi pertsonendako bazkari bat lortu zuen. Olagueko frontoian giro polita sumatu genuen, 30 pertsona hurbildu ziren finala ikustera.

Ultzamaldea osatzen duten bailara ezberdinetako jokalariak hilabete luzez aritu dira bertan.