Anuen proiektatutako parke eolikoan, aldaketak

Amezti.eus 2021ko ira. 9a, 12:41

Hasiera batean hiru aurreikusten baziren ere, zazpi aerosorgailu jarriko lirateke, orain, Etsaingo mugan. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen behin behineko proiektua, abuztuan, eta orain helegiteak aurkezteko epea zabalik da irailaren 20ra arte.

Sacyr enpresak proiektuan egindako aldaketek herritar gehiago jarri ditu kontra, izan ere, hiru aerosorgailu bakarrik ez, eta zazpi bat izanen lirateke Etsainen eta bere mugan. Proiektua Nafarroako Aldizkari Ofizialean duzue ikusgai. 

Herritar batzuk informazio eskasa eta epeak salatzen dituzte. Izurritearen erdian diseinatutako proiektua guztiz aldatu dute udan, gobernua eta enpresaren arteko bilera teknikoetan, gehienak ate itxiak, gainera. Horregatik, informazio gutxi eta partziala jaso dutela uste dute. Orain, irailaren 20ra arte dute helegiteak aurkezteko, baina denbora gutxi dutela uste dute kontra azaldu direnek.

Aerosorgailuak 200 metrotakoak izanen dira- idea bat egiteko, 59 metro dituzte Perdon mendizerrakoak, Haize Berriak plataformak salatu duen bezala-.

Horrela, Haize Berriak plataformak lagunduta, Anue eta Olaibar bizirik taldeak hitzaldiak antolatu ditu. Larunbatean Etsainen bertan izan ziren, eta hurrengo larunbatarekin, irailaren 11n, Olaguen izanen da beste hitzaldi bat. Pilotalekuan, 19:00etan, Haize Berriak eskainia.

Bestetik, Etsaingo kontzejua parkearen alde azaldu zen pasa den urtean. Bozkatu ondoren, enpresari babes gutuna bidaltzea erabaki zuen. Orain, aldaketen ondorioz, elkartu badira ere, ez dute oraindik ezer adostu. Bertan, jakin izan dugunez, oraindik badira parkearen alde azalduko zirenak, beren ustez, nahiz eta zifra zehatzik ez duten, onura ekonomikoak ekarriko dizkio herriari eta bailarari.