Egozkueko Loperena gazta bigarrena, Nafarroako Artzai Gazta Txapelketan

Amezti.eus 2021ko ira. 2a, 10:58

Igandean eman zituzten sariak, Uharte Arakilen. 23 gaztaren artean bigarrena izan zen Egozkueko Marta Perez Loperenaren gazta. Horrela, urrian izanen den Euskal Herriko txapelketarako sailkatu da.

Oso pozik agertu da Anueko Marta Perez Loperena, lortutako emaitzarekin: "Aurkeztu genuen gazta oso zapore bizia zuen eta, beraz, lortutako emaitzarekin oso pozik gara". Perez Loperenak azaltzen digunez, testura, zaporea eta ondar zaporea dira gehien puntuatzen dutenak. Zaporean, orekatua eta bizia; eta, ondar zaporean, nabarmena eta iraunkorra izan behar ohi du.

Esan bezala, Nafarroako 23 gaztaren artean bigarrena izan da Egozkuekoa. Etxelekuako gaztandegiarendako izan zen txapela, Manuel Bengoetxeak eta Maria Isabel Lastirik Urdazubin duela 30 urte zabaldutakoa. Biak, atzetik izan zituzten zortzi gaztekin batera, Euskal Herriko txapelketan izanen dira urrian, lehenengo hamarrak sailkatzen baitira. 

Aurten, Uharte Arakileko Artzai eguna ez zen ohikoa izan, izurritearen ondorioz. Goizean Artzai Gazta Txapelketa eta arratsaldean Artzai Txakurrena, besterik ez zen egon. Gazta txapelketaren emaitza ezagutu bitartean, gainera, zortzi postu izan ziren frontoi kanpoan gazta saltzen.