Egozkueko Marta Perez Loperenak, Euskal Herriko 37. Artzai Gazta Txapelketara eraman zuen gaztak, 6. postua lortu zuen igandean. Aldez aurretik Uharte Arakilen ospatu zen Nafarroako Txapelketan bigarren postua lortu zuen.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkatutako lehen hamar gaztak izan ziren Artzai Gazta Txapelketako hautagaiak, guztira berrogei. Latxa ardi esne gordinarekin eginiko gaztarik onena zein den erabakitzeko lau epai mahai egon ziren; mahai bakoitzean gaztagile aditu bat, artzain bat eta Idiazabal Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko dastatzaile bat egon zelarik.
Sailkapena ezagutu eta gutxira, jende askok zoriondu zuen Marta eta ez bakarrik egin duen gazta bikainagatik, sare sozialetan irakurgai izan dugun bezala, gure gaztaren atzetik dagoen kultura, paisaia, ondarea eta etorkizunagatik ere.
Beraz, nola ez, jaso Marta gure zorion beroenak ere eta jarrai ezazu gazta bikain hori egiten.