Landa feminismoari buruzko topaketa, Egozkuen

Amezti.eus 2018ko abe. 19a, 11:07

Asteburuan, "Landa Hirian eta landa eremuan, Emakumeak elkarrekin Ereiten" lelopean, Feminismo baserritar eta herrikoiari buruzko topaketa internazionalak izan ziren Iruñean. Ekimen horren barne, Loperena Gaztandegia bisitatu zuten, Egozkuen.

Topaketen helburua, besteak beste, landa eremuko eta herrietan jorratzen den feminismoari buruz hausnartzea zen, eta horren harira, ekoizpen esperientzia bat ezagutzea. Horretarako, Nafarroako emakume ekoizleen egiteko modura hurbiltzeko, Marta Pérez Loperenaren gaztandegia bisitatu zuten.

Pérez Loperenak kontatu digun bezala, "gure egunerokoa kontatu genien, nola egiten dugun lan, eta gure artaldea erakutsi genien. Etorritako guztiak interes handia zuten eta oso jende jatorra zen. Egia esan, oso esperientzi polita izandu zen". Gero, hamaiketakoa hartu zuten herriko elkartean eta topaketeei amaiera emateko errito txiki bat egin zuten, "Brasiltik etorritako emakume batek haziak ekarri zituen eta berak egin zuen errito hori. Eskutik helduta emakume bakoitzak hazi batzuk hartzen genituen eta larunbatean emakume bakoitzak idatzi zituen konpromezuak irakurri genituen. Horrela eman genion bukaera topaketari".

Hain zuzen ere, hitzaldiak eta bizipen mahaia osatu zuten Iruñean, larunbatean. "Landa eremuko eta hirietako emakumeen arteko ezagutzarako eta eztabaidarako gune bat sortu zen. Galizitik, Andaluziatik eta Brasiletik etorritako emakume baserritarrak eta hirikoak parte hartu zuten, baita hemengoak ere. Arratsaldean eztabaidatzeko lan taldeak egin ziren eta parte hartu zuten emakume guztiak konpromezu personal bat sinatu zuten".