Azaroaren 8an abiatuko da Neguko Zinema, Javier Bardem eta Victoria Luengo aktore nagusiak dituen El ser querido pelikularekin. Film berri berria denez, lau eroko sarreraren truke izanen da, gazteleraz. Hauxe da sinopsia: Esteban Martinez (Javier Bardem) zine-zuzendari goraipatua mito bat da. Bai bere lanengatik, baita indarkeriak eta gehiegikeriek markatutako iraganarengatik. Bere proiektu berrian, Emilia (Victoria Luengo) alabari rol bat eskainiko dio, aktore bezala bere ibilbide geldoa bultzatzen laguntzeko aitzakiarekin. Setean elkarrekin bizitzeak urteetan partekatu ez duten hurbiltasuna sustatuko du, baina inoiz orbaindu ez diren zauri zaharrak ere irekiko ditu".
Neguko zinemak igandero pelikula bat ekartzeko asmoa du, baina azaroan ez da posible izanen, oharrean azaldu dutenez: "Bost igande dauzkan arren, guk hirutan besterik ez dugu pelikula bat proiektatuko. Azaroaren lehena zubi luze eta oparo bat izan zitekeelako, alde batera utzi genuelako. Eta azaroaren azkena hauteskunde eguna deitu dutenez, Bentara jendea bozkatzera besterik ez da etorriko. Ikusten duzue. Hiru igande besterik ez". Hiru igande besterik ez, baina ikusi dugun bezala indartsu hasiko da zikloa. El ser querido oraindik dago zinemetan, eta legez kobratu beharra dago, baina joan zen ikasturteko prezioa mantendu dute: lau euro.
Trailerra ikusteko: https://www.youtube.com/watch?v=ApdPm1KWUcc&t=21s
Ondoren, azaroaren 15ean Delicioso eta azaroaren 22an Kayara, inka gerraria. Izan ere, hilabete bakoitzeko azken igandea txikiei zuzentzen jarraitu nahi dute: "Kayara, inka gerraria, euskarazko bertsioan dago eta hau da txikienentzat aukeratu duguna, ea haiek zer dioten ikusi ondoren".
Azarotik otsailera iraungo du boluntarioek antolatzen duten Neguko Zinema: "Gogoratu, boluntarioak gara, gure onena ematen saiatuko gara, baina tira, tartean arazoak sortuko zaizkigu seguruenik, eta guk zuen pazientzia eta umore ona asko eskertuko ditugu berriz ere".