Errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu ditu herritarrak Euskara Zerbitzuak

Amezti.eus 2020ko mai. 11a, 12:07

Errenta aitorpena egiteko kanpaina hemen dugu berriz, eta Euskara Zerbitzutik deialdia luzatu diete herritarrei: egin dezatela errenta aitorpena euskaraz.

Banketxe guztiek ez dute errenta aitorpena euskaraz betetzeko aukerarik ematen, Felix Altzelai euskara teknikariak azaldu digunez, baina internet bidez edo telefonoz aukera hori badago. Nola egin daitekeen eskaera? Autolikidazio proposamena onartzerakoan, izan telefonoz izan internetez, euskaraz egitea eska daiteke. Hori horrela eskatuta aurrerantzean ogasuneko agiri guztiak euskaraz bidaltzen dituzte. 

Errenta aitorpena mekanizatua egin behar bada, hitzordua hartzerakoan eska daiteke ogasunarekin harremanak euskaraz izatea. Eta internet bidez egiten dutenek, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi eta hobetsitako hizkuntzen atalean euskara aukeratu behar dute.

UEMAk zabaldu dituen 2018ko kanpainaren emaitzen arabera, Basaburuan %3,16ak soilik egin zuen errenta aitorpena euskaraz. Datuak hobetzea ez da hain zaila, beraz, hartu erronka eta egin errenta aitorpena euskaraz!