Larraintzarren eta Latasan ospatuko dituzte festak asteburuan

Amezti.eus 2019ko uzt. 30a, 10:30
Iazko Larraintzarko festak

Abuztuaren 1etik 4ra izanen dira Larraintzarko festak, eta Latasakoak (Imotz) berriz, abuztuaren 2tik 4ra. Bi herrietan egitarau zabala antolatu dute festez gozatzeko.

Larraintzarren ostegunean iluntzeko 20:00etan emanen diete hasiera festei suziriarekin, eta jarraian ostatuan kontzertua eta elkartean gazte afaria izanen dituzte. Ostiral goizean puzgarriak, meza, luntxa eta haur kaldereteak izanen dituzte, eta arratsalde-gauean trikipoteoa, batidada, entzierro txikia, eta dantzaldia. Larunbatean pilota partiduak, herri bazkaria, haurrendako jolasak, kontzertua, su artifizialak nahiz dantzaldia izanen dituzte. Azkenik, igandean berriz puzgarriak izanen dira goizean, eta arratsaldean pilota partidak, herri kirolak, paellada, txapela jaurtiketa eta DJa izanen dituzte ‘Gaixoa ni’ ezagunarekin festei amaiera eman baino lehen.

Imozko Latasan ostiralean 20:00etan puzgarriak izanen dituzte eta 22:00etan haurrendako zinema euskaraz. Larunbat goizean izanen da txupinazioa goizeko 10:00etan, eta ondoren frontenis txapelketa, bazkaria, mus txapelketa, Zirko Loretsua animazioak, One Two Show, DJak, dantzaldia, eta goizaldeko txistorrada izanen dituzte. Igandean, berriz, Gartzarongo pilota txapelketako partiduak, nesken pilota partiduak, magoa eta hamaiketakoa izanen dituzte goizean zehar. Arratsaldean mus txapelketa amaitu eta txokolatada eta dantzaldiaren ondoren emanen diete amaiera jaiei.

Egitarau osoak jarri ditugu Agenda atalean.