Euskaraldia

Euskaraldia abian da

Amezti.eus 2018ko aza. 26a, 18:24

Ostiralean hasi zen, hilabeteetako lanaren ondoren, eta txapadun bular harro ugari ikusi ditugu horrez geroztik gure eskualdean. 500 lagun baino gehiagok eman dute izena gure eskualdean, gehienek ahobizi gisa, eta egunero handitzen da zerrenda, Euskaraldia irauten duen bitartean apuntatzeko aukera baitago.

 

241 lagunek eman dute izena Odietan, Ultzaman, Atetzen, Anuen eta Lantzen. Horietatik 175 ahobizi gisa, eta 66k belarriprest rola hartuta. Basaburuan, berriz, 191 partaide dira; 132 ahobizi, eta 59 belarriprest. Azkenik, Imotzen 79 lagun, 58 ahobizi, eta 21 belarriprest.

 

Euskal Herri osoan ia 200.000 pertsonek janzten dute dagoeneko euren txapa; %75ek ahobizi gisa, eta %25ek belarriprest rola hartuta, zuk jantzi al duzu zurea?

Nafarroan lagun askok eman dute izena, hiztun kopurua kontutan izanda. 20.500 baino gehiago dira, dituen 70.000 euskaldunen artean. Kopuru absolutuetan Gipuzkoa da lehena, ia 90.000 euskaltzalek eman baitute izena Euskaraldian. Bizkaian 70.000 inguruk, Araban ia 20.000 lagunek eta 5.500 Iparralden.

Euskaraldiaren hasiera jai giroan egin zuten, Basaburuan Triki-poteoa abiatu zen Apeztegiberritik, Aizarotza. Bertara iritsi eta hasiera ekitaldia Lazy Throats kontzertuaren eskutik izan zen. Ultzaman, Unai Otegi eta Edurne Arzozen kontzertuak hasi zuen Euskaraldia, Larraintzarko Bentan. Gainera, azaroaren 30ean bertso-afaria izanen da Lizason, Nerea Elustondo eta Alaia Martinekin; eta abenduaren 3an, Euskararen Eguneko besta ospatuko dute Eltzaburuko Elkartean. Basaburuan, Erramun Martikorenaren kontzertuarekin agurtuko dute Euskaraldia, abenduaren 2an.

11 egunez, abenduaren 3a arte izango da Euskaraldia. Euskal Herri mailan egiten den lehendabizikoa da, eta hainbat ohitura aldatzea da helburua, elkarrizketa elebidunak posible direla erakustea, adibidez. Betiko erronkak ere baditu Euskaraldiak, euskara dakitenek baina hitz egiteko ohiturarik ez dutenek, euskaraz aritzea, esate baterako.

Hilabeteetan egindako lanaren ondorioa da Euskaraldia. Baita gure eskualdean ere. Ahobizi eta Belarriprest rolak prestatzeko tailerrak, hizkuntza gatazken ingurukoak, jaiak,... ekitaldi ugari eta ugari egin dira urte osoan.

Erlazionatuak