Pesta giroa eta indarkeria matxistaren inguruko tailerrak, Basaburuan eta Ultzaman

Amezti.eus 2024ko urt. 29a, 11:04
Eraso sexisten aurkako kontzentrazioa, Ultzaman, 2019an.

Bi tailer izanen dira, bata ostalaritzara zuzenduta eta bestea herritarrei. Ordutegi aukera ugari jarri dute, ahalik eta gehienek parte hartu ahal izateko.

Pesta giroan gertatzen diren eraso sexistak prebenitzeko tailerra da lehenengoa. Ostalaritzan aritzen direnendako zuzenduta dago eta, helburua, eraso sexistak prebenitzeaz gain, horien aurrean jarduteko protokoloa zehaztea da. Otsailaren 6an, Apeztegiberrin, Basaburuan; eta, otsailaren 7an, Larraintzarko bentan, izanen dira. Bietan, bi ordutegi ezberdinetan eskainiko dira: bata 9:15etatik 10:15era arte; eta, bestea, arratsaldez, 18:30etatik 19:30ak arte.

Ondoren, otsailaren 8an, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak beste tailer bat antolatu du. Honetan, drogen inguruan eta indarkeria matxistari buruz hitz eginen dute. Apeztegiberrin izanen da, 18:00etatik 20:00ak bitartean; eta, herritarrei zuzendutakoa da, euskaraz.

Miren Orozko Etxeberriak, generoan aditua den gizarte langileak, eskainiko ditu tailerrak. Guztietan, otsailaren 1a baino lehen, osteguna baino lehen, eman behar da izena. Hurrengo esteketan eman dezakezue izena:

Pesta giroan eraso sexistak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko protokoloa: https://ugzm.eus/eu/activities

Drogak eta indarkeria matxista: https://ugzm.eus/eu/enroll/156