MTB Basaburuak nazioarteko sari bat irabazi du

Amezti.eus 2023ko eka. 2a, 17:31

Mendi bizikleta zaleek osatzen duten MTB Basaburua taldeak bidexkak zaintzeagatik IMBAk (International Mountain Bike Assotiation) banatzen duen sari bat jaso du.

Suitzan banatu dira sariak, gaur, eta Berueten sortutako MTB Basaburua taldeak jaso du saria. IMBA mendi bizikletaren nazioarteko elkarteak banatu ditu bidexkak zaintzeko kanpainia batean.

MTB Basaburua taldeak zabaldu du albistea haien sare sozialetan, mezu baten bitartez. Horretan onartu dutenez ezin sinetsi dabiltza eta oso pozik azaldu dira sariarengatik. "Mila esker urte osoan zehar laguntzen zabiltzaten boluntario guztiei. Egunak pasa ahala ikus dezakegu gure Basaburua bailara txiki-handian nola hazten dijoan mendi bizikleta komunitatea", adierazi dute mezuan.

Berueten sortu zen MTB Basaburua, 2021ean, baina hazia 2019an jarri zuen Manu Alvarezek. Geroztik bidexka ugari garbitu eta ahalbidetu dituzte, auzolan mordoen bitartez.